
Urdaibaiko Biosfera Erreserba 220 k2-ko azalera dauka.
22 udalerri ditu barruan eta gutxi gorabehera Bizkaiko azaleraren
%10 hartzen du.
Eskualdean 45.000 biztanle inguru bizi dira, horietatik %80 Gernika
eta Bermeon.
|
Urdaibain aurkituko ditugun balore naturalistiko ugarien artean, hegazti-faunaren
aberastasuna da garrantzitsuenetakoa. Europar Batasuna ere jabetu
da erreserbak daukan garrantzia ornitologikoaz eta, ondorioz,
Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (ZEPA) izendatuta, Red Natura
2000 izenekoaren barruan sartu da. Horrek, inolako zalantzarik
gabe, ospea eta erantzukinuna eman dio erreserbari.
|
Hegazti
ugarik Europa eta Afrika artean egiten dituzten migrazioei begira, Urdaibaiko
Biosfera Erreserba interes ornitologiko handiko eremua da. Erreserban
aurkitzen diren espezie gehienek atseden hartzeko eta elikatzeko
erabiltzen dute estuarioa.
Era berean, negupasarako ere erabiltzen dute Urdaibai zenbait
espeziek, batez ere Europako erdialde eta iparraldeko baldintza meteorologiko
eskasetatik ihesi Kantauri itsasoko kostaldean bizi dugun klima epelagoaren
bila datozenek. |
Azkenik, ez ditugu ahaztu behar erreserba habiak
egiteko erabiltzen duten espezie sedentario edo udaldikoak.
Penintsulako iparraldeko estuariorik garrantzitsuenetakoa
izan arren, esan dezakegu kasu asko eta askotan espezie ugariren presentzia,
batez ere paseriformeena, ezkutuan geratzen dela. Horri guztiorri, gainera,
beste arazo bat ere gehitu behar diogu: inguru honetako hegaztien jatorri,
joan-etorri, biologia, populazio-dentsitate eta abarri buruzko informazio
gutxi dago. |
Hegaztiek
oraindik gordetzen dituzten misterioak argitzeko, eraztunketa zientifikoa
da oinarrizko baliabidea, batez ere hegaztien, migratzaileen nahiz urte
osoan geure inguru honetan geratzen direnen, kontserbaziora zuzendutako
neurriak ugaritu ahal izateko. |